BlackAdeg

Bitartekaritzari buruzko informazio gehiago

Zein da bitartekaritza profesionalak hartzen duen jardun-eremua?

Bitartekaritza profesionala nazioartean, Europako Erkidegoan, Estatuan eta Autonomia Erkidegoan egiten da.

 

Zein da bitartekaritza zibilaren eta merkataritza-bitartekotzaren arau-esparrua?

Europako Erkidegoan, Europako Parlamentuak eta Batasuneko Kontseiluak 2008/52/EE Zuzentaraua, 2008ko maiatzaren 21ekoa, gai zibil eta merkataritza-gaietako bitartekaritzaren alderdi jakin batzuei buruzkoa, onartu zuten.

 

Batasuneko estatu kide bakoitzak era desberdinean txertatu du Zuzentarau hori bere ordenamendu juridikoan.

 

Espainiaren kasuan, Zuzentaraua erabakigarria izan da, uztailaren 6ko 5/2012 Legeak, auzi zibil eta merkataritzazkoetako bitartekaritzari buruzkoak Espainiako zuzenbidean txertatu baitu.

 

Bestalde, autonomia-erkidegoek bitartekaritzari buruzko beren lege propioak onartuta dituzte.

 

Zer egiten dute bitartekaritza-erakundeek?

Beren helburuen artean bitartekaritza bultzatzea duten eta horretarako bitartekaritzarako aukera eta bitartekaritzaren administrazioa errazten duten erakunde publikoak edo pribatuak, Espainiakoak edo atzerrikoak eta zuzenbide publikoko korporazioak dira bitartekaritza-erakundeak.

 

Zein dira bitartekaritzaren xede diren arloak?

Bitartekaritzapean jar daitekeen arlo bakoitza haren jardun-eremuan indarrean dauden arau eta legeek arautuko dute.

 

Hona hemen bitartekaritza moten sailkapena:

  • Eskola-bitartekaritza
  • Familia-bitartekaritza
  • Kontsumo-bitartekaritza
  • Osasun-bitartekaritza
  • Ingurumen-bitartekaritza
  • Bitartekaritza zibila
  • Merkataritza-bitartekaritza
  • Lan-bitartekaritza
  • Kulturarteko bitartekaritza
  • Polizia-bitartekaritza
  • Zigor-bitartekaritza
  • Nazioarteko bitartekaritza
  • Baliabide elektronikoen bidezko bitartekaritza

 

Zein da lortutako akordioaren baliozkotasuna?

Gatazka bat konpontzeko hartzen diren bitartekaritza-akordioek legeria aplikagarriak aitortzen dizkien ondorioak sortuko dituzte, betiere legeria horrek ezarritako baliozkotasun- eta eraginkortasun-baldintza guztiak betetzen badituzte. Aldeek eskritura publikoan jaso ahal izango dute bitartekaritza-prozedura baten ondoren lortutako akordioa. Akordioa prozesu judizial bat hasi ondoren egindako bitartekaritza baten bitartez lortu bada, aldeek homologazioa eskatu ahal izango diote auzitegiari.

 

Zein dira preskripzio- eta iraungitze-epeak?

Bitartekaritza hasteko eskaerak ekintzen preskripzioa edo iraungitzea etengo du bitartekariak eskaera hori jasotzen duen edo, hala badagokio, eskaera bitartekaritza-erakundean aurkezten den egunetik aurrera.

 

Bitartekaritza hasteko eskaera jaso eta hamabost egun naturaleko epean eraketa-bilkuraren akta sinatzen ez bada, epeen zenbaketak jarraitu egingo du.

 

Etenaldiak bitartekaritza-akordioa edo, halakorik ezean, azken akta sinatzen den egunera arte edota legean aurreikusitako arrazoiren batengatik bitartekaritza amaitzen den egunera arte iraungo du.

Eskainitako zerbitzuari buruz

Zertan datza bitartekaritza-prozesua?

Prozedura oso garrantzitsua da; izan ere, bitartekaritzaren arrakasta bitartekaritza bera abian jartzeko erabilitako metodoaren araberakoa izango da neurri handian.

 

Prozeduraren egitura lortzeko, hainbat fase orokor ezarri behar dira. Fase horiei bitartekaritzaren hasieratik amaitu arte ezarritako ordena batean jarraitzen zaie, zorroztasun handiagoarekin edo txikiagoarekin.

 

Hasierako eskaera aldeen aldez aurreko adostasunez egin daiteke, edota alde bakar batek egin dezake, bien artean gatazka bitartekaritzapean jartzeko egindako itun bat betez. Prozesu judizial bat abian dagoela bitartekaritza bati borondatez hasiera ematen zaionean, aldeek prozesu hori eteteko eskatu ahal izango dute elkarren arteko adostasunez, legerian xedatutakoari jarraikiz.

 

Eskaera jaso ondoren, bitartekariak hitzordua jarriko die aldeei informazio-bilkura bat egiteko, aldeek aurkakoa ituntzen dutenean izan ezik. Bilkura horretan, bitartekariak bere inpartzialtasunean eragina izan dezaketen arrazoi posibleen, bere lanbide, prestakuntza eta esperientziaren eta bitartekaritzaren ezaugarrien eta kostuaren, prozeduraren antolamenduaren, lortzen den akordioaren ondorio juridikoen eta eraketa-bilkuraren akta sinatzeko epearen berri emango die aldeei.

 

Arloaren konplexutasuna kontuan hartuta edo aldeek hitzartuta, bitartekaritza bitartekari batek edo gehiagok egin ahal izango dute.

 

Bitartekaritza-prozedura eraketa-bilkura batekin hasiko da. Bilkura horretan, aldeek bitartekaritzari ekiteko asmoa adieraziko dute, eta honako alderdi hauek jasoaraziko dituzte: aldeen identitatea, bitartekariaren izendapena, bitartekaritza-prozedurapean jartzen den gatazkaren izaera, jardunen programa eta prozedura garatzeko aurreikusitako gehieneko iraupena (aldatzeko aukera galarazi gabe), bitartekaritzaren kostuari buruzko informazioa edo hori finkatzeko oinarriak, aldeek bitartekaritza borondatez onartzen dutela eta ondoriozko betebeharrak beren gain hartzen dituztela jakinaraziko duen adierazpena, prozedura egiteko lekua eta erabiliko den hizkuntza. Eraketa-bilkura horren akta egingo da, eta alderdi horiek guztiak jasoko dira bertan. Akta hori aldeek eta bitartekariak sinatuko dute.

 

Prozeduraren iraupena ahalik eta txikiena izango da, eta jardunak ahalik eta bilkura gutxienetan egingo dira.

 

Bitartekaritza-jardunen garapenari dagokionez, bitartekariak deialdia egingo die aldeei bilkura bakoitzean, bilkurak zuzenduko ditu eta iritzien azalpena eta komunikazioa modu berdin eta orekatuan ahalbidetuko du. Bitartekariak alderen batekin bereiz egiten dituen bileren berri emango die alde guztiei, landutako gaiaren konfidentzialtasuna galarazi gabe.

 

Bitartekaritza-prozedura akordio batekin edo akordiorik gabe amai daiteke, alderen batek edo guztiek jardunak amaitutzat hartzeko eskubidea baliatu dutelako (kasu horretan bitartekariari jakinarazi beharko zaio), aldeek prozeduraren iraupenerako adostutako gehieneko epea amaitu delako, bitartekariak aldeen posizioak bateraezinak direla ikusi duelako edota amaiera dakarren beste arrazoiren batengatik.

 

Prozedura amaitzen denean, aurkeztutako dokumentuak itzuliko zaizkio alde bakoitzari. Aldeei itzuli behar ez zaizkien dokumentuekin, bitartekariak gorde eta zaindu beharreko espediente bat egingo da.

 

Azken aktak prozeduraren amaiera finkatuko du eta, hala badagokio, lortutako akordioak edo amaiera eragin duten arrazoiak garbi eta era ulergarrian islatuko ditu. Akta alde guztiek eta bitartekariak sinatu beharko dute, eta jatorrizko ale bana emango zaie guztiei. Alderen batek akta sinatu nahi ez badu, bitartekariak inguruabar hori jasoko du aktan, eta alde bana emango die nahi duten aldeei.

 

Aldeek eskritura publikoan jaso ahal izango dute bitartekaritza-prozeduraren ondoren lortutako akordioa. Aldeek notario baten aurrean aurkeztuko dute bitartekaritza-akordioa, prozeduraren eraketa-bilkuraren aktaren eta azken aktaren kopiekin batera, eta ez da beharrezkoa izango bitartekaria egotea. Notarioak Legean eskatutako baldintzak betetzen direla eta edukia Zuzenbidearen aurkakoa ez dela egiaztatuko du. Akordioa prozesu judizial bat hasi ondoren egindako bitartekaritza baten bitartez lortu bada, aldeek homologazioa eskatu ahal izango diote auzitegiari.

 

Prozedura aldeen arteko akordioarekin amaitzen bada, bitartekariak jarraipenaldi bat adostuko du aldeekin.

 

Zenbatekoa da zerbitzuaren kostua?

Bitartekaritzaren kostua, akordioarekin amaitzen den ala ez kontuan hartu gabe, erdibana ordainduko dute aldeek, aurkako ituna dagoenean izan ezik.

 

Bitartekariak bitartekaritzaren kostuari erantzuteko beharrezkotzat hartzen duen funts-hornidura eskatu ahal izango die aldeei.

 

Aldeek edo horietako batek eskatu zaien funts-hornidura epean egiten ez badute, bitartekariak amaitutzat eman ahal izango du bitartekaritza. Hala ere, alderen batek bere hornidura egin ez badu, bitartekariak, amaiera erabaki aurretik, aldeei jakinaraziko die, finkatutako epearen barruan bitartekaria bera ordezteko interesik duten jakiteko.

 

Bitartekariak zerbitzuaren kostuaren eta bitartekaritzaren gainerako ezaugarrien berri emango du informazio-bilkura batean.

 

Zein da prozeduraren konfidentzialtasun-maila?

Bitartekaritza-prozedura eta prozedura horretan erabilitako dokumentazioa konfidentzialak dira. Konfidentzialtasun-betebeharra bitartekariak (sekretu profesionalak babestuko duenak) eta esku hartzen duten aldeek bete beharko dute, eta, beraz, ezin izango dute ezagutzera eman prozeduraren ondorioz lortu duten informazioa.

 

Bitartekotzaren eta haren edukiaren konfidentzialtasuna dela eta, bitartekariak eta bitartekaritza-prozeduran parte hartzen duten pertsonak ezin izango dituzte behartu bitartekaritza-prozedura baten ondoriozkoa den edo hari lotuta dagoen informazio eta dokumentazioari buruzko prozedura judizial edo arbitraje batean deklaratzera edo dokumentazioa aurkeztera, aldeek esanbidez eta idatziz konfidentzialtasun-betebeharraz salbuesten dituztenean edo epaileek ebazpen judizial bidez eskatzen dutenean izan ezik.

Ezagutu pertsona

Zein dira bitartekaritza profesionalean aritzeko baldintzak?

Bitartekariak bitartekaritza-jardueran aritzeko balioa izango duten Unibertsitate-Titulu Ofiziala eta behar bezala egiaztatutako erakundeek emandako prestakuntza espezifikoa eduki beharko ditu, eta Bitartekarien Erregistroan inskribatuta egon beharko du.

 

Nork arautzen du bitartekaritza?

Espainian, bitartekaritzaren kalitatea eta autoerregulazioa Justizia Ministerioak, autonomia-erkidegoetako gobernuek eta administrazio publiko eskudunek lantzen dute, bitartekaritza-erakundeekin lankidetzan.

 

Zein da bitartekariaren funtzioa?

Aldeen arteko komunikazioa erraztea eta aldeek informazio eta aholkularitza nahikoa dutela zaintzea. Aldeen arteko hurbilketa lortzeko jokabide aktibo bat agertu behar du, betiere Legean jasotako printzipioak betez. Zereginarekin hasi edo jarraitu aurretik, bere inpartzialtasunean eragina izan dezakeen edo interes-gatazka bat sor diezaiokeen zirkunstantzia ororen berri eman beharko du bitartekariak. Kasu horietan, inpartzialtasun osoz jardun ahal izango duela ziurtatzen duenean eta, betiere, aldeek baimena ematen dutenean eta esanbidez jasotzen dutenean baino ezin izango du bitartekaritza onartu edo bitartekaritzarekin jarraitu.

Harreman motak

Zein dira zerbitzua erabiltzeko eskaeraren aukerak?

Eskaeraren jatorria On Line baliabideak (webgunea, sareak edo beste iturri batzuk) edo Off Line baliabideak (publizitatea, beste profesional baten deribazioa, ezagunak eta beste batzuk) izan daitezke. Eskaera egiteko, webguneko inprimakia, helbide elektronikoa edo zuzenean telefonoa erabil daiteke.

 

Nork eska dezake bitartekaritza?

  • Eskaera gatazkan dauden aldeen arteko adostasunez bidera daiteke.
  • Aldeetako batek egin dezake, bitartekaritzapean jartzeko itunarekin.
  • Aldeetako batek.
  • Prozedura judicial baten ondorioz.

 

Zer gertatzen da beste aldeak bitartekaritzara jo edo joan nahi ez badu?

Bitartekariak informazio-bilkura batera gonbidatuko ditu aldeak. Aldeetako bat joaten ez bada edo bitartekaritza-prozedura hasi nahi ez badu, bitartekaritza ezin izango da egin, borondatezko prozedura baita.

 

Zer datu eskatzen dira?

Kontsulta bat egiteko, hitzordu bat jartzeko edo elkarrizketa bat egiteko, harremanetarako oinarrizko datuak eskatuko dira.

 

Informazio-bilkuran, bitartekaritzaren ezaugarrien eta kostuaren, prozeduraren antolamenduaren, lortzen den akordioaren ondorio juridikoen eta eraketa-bilkuraren akta sinatzeko epearen berri emango zaie aldeei.

Alternatibak

Zein dira gatazkak konpontzeko mekanismo alternatiboak?

Gaur egun, hainbat mekanismo ditugu bi aldeen edo gehiagoren artean sortzen diren gatazkak konpontzeko. Horien artean, negoziazioa, bitartekaritza, adiskidetzea eta arbitrajea aipa daitezke.

 

  • Negoziazioa: gatazkan dauden aldeen arteko akordioa eta gogobetetzea lortzera bideratutako prozesua da, eta ez du hirugarren pertsonarik behar.

 

  • Bitartekaritza: hirugarren pertsona baten esku-hartzean oinarrituta dago, eta aldeek hitz egitea, errespetutik eta baretasunetik abiatuta hurbilketa lortzea eta, era horretan, aldeek berek konponbide bat aurkitzeko giro eta egoera aproposak sortzea du helburu. Bitartekariak ez du konponbiderik proposatzen; prozesua gidatzera mugatzen da, botere-egoerek bitartekaritzaren garapenean eraginik izan ez dezaten eta aldeak kikil ez ditzaten saiatzen da, eta ahaleginak egiten ditu aldeek berdinetik berdinera hitz egiteko eta elkar ulertzeko.

 

  • Adiskidetzea: gatazka bat prozesu judizialera jo aurretik konpontzeko alternatiba bat eskaintzen die aldeei, eta konponbide bizkor, eraginkor eta merke bat lortzea du helburu. Adiskidetzaileak hainbat konponbide proposa ditzake aldeak beren gatazka konpontzeko bidean gidatzeko. Egintza juridiko bat da, eta lortzen diren akordioak adiskidetze-akta batean jasotzen dira. Lege-eragina dauka, akordioa “betearazpen-titulu” baten baliokidea baita.

 

  • Arbitrajea: aldeek erabakitzen dute beren artean harreman juridiko jakin bati dagokionez sortu diren edo sor daitezkeen gatazken konponbidea beraiekin zerikusirik ez duen eta Estatuko organo judizial batekoa ez den hirugarren baten edo batzuen erabakipean jartzea. Arbitroak epaile baten berezko ahalmenak ditu, hau da, azken erabakia hartu aurretik jardun dezake eta frogak balioets ditzake.

 

Zein dira bitartekaritzaren abantailak beste metodo batzuen aldean?

  • Aldeek gatazka konpontzeko komunikazioa eta lankidetza errazten du, aldeek berek erabakitzen baitituzte baldintzak.
  • Lortutako akordioak iraunkorragoak eta hobeak dira.
  • Akordioak hobeto egokitzen dira aldeen premietara.
  • Akordioa lortzen bada, izapideak laburrak eta merkeagoak dira.
  • Harreman egokiei eusteko aukera ematen du.
  • Ez dira hirugarren pertsonak inplikatzen eta aldeetako baten alde egin behar izatea saihesten da.
  • Elkar ulertzea errazten du.
  • Botere-oreka berrezartzen da.
  • Desadostasun-elementuak desagerrarazteko aukera ematen du; gatazka-egoera bideratzen den moduan, azken emaitzak ez du zerikusirik irabaztearen edo galtzearen ikuspegiarekin, eta inplikatutako aldeek ez dute onurarik lortzen prozesuan. Hau da, gatazka elkarrekin kudeatu eta bideratzeko eta konponbideak inposatu ordez elkarrekin bilatzeko aukera ematen die aldeei.
  • Harremanak baketzen, elkarrizketaren bidea berreskuratzen eta alde bakoitzaren interesei erantzungo dien banaketa bat lortzen laguntzen du.